MARTINTXO aldizkaria

San Martin Merkatuak Martintxo argitaratu du, hilean behin argitaratzen den doako argitalpen berria. Alde batetik, sasoiko produktuen balioa nabarmentzea eta produktu horiek errezeten eta informazio-pilulen bidez sustatzea. Beste eduki-ardatza merkatuan hilero garatuko diren jarduerek eta ekitaldiek zehaztuko dute.

2022ko ekainean elkarrizketatutako pertsonaia:

MIKEL ARANBURU URRUZOLA
Planetaren zaintzarekin konprometitutako grabatzaile eta urregilea

 

Mikel Aranburu naiz. 57 urteko donostiarra eta 30 urte baino gehiago daramazkit grabatuen eta urregintzaren munduan. Tailer txiki bat daukat Donostiako Gros auzoan, nire sorkuntzak erakusteko erakusleiho gisa balio didana. Hasieratik metalarekin lan egin dut, baina duela urte gutxi batzuk zinka aurkitu nuen ikerketa lanetan nengoela. Moldekatzeko erraza den metal biguna, birziklatu daitekeena. Gozatu egiten dut lanean, zinkezko plantxak apaintzeko arrainetan bihurtuz. Asko gustatzen zait itsasoa, bodyboarda eta igeri egitea. Urduria, zorrotza eta perfekzionista naiz. Bada zerbait beti egin nahi izan dudana eta ez dut unea aurkitu, urpekaritza ikastaro bat eta itsas hondora bidaia bat egitea.

 

Zer da itsasoa zuretzat?

Zorionez, lantegia hondartzatik metro gutxira daukat, eta egunero, lanaldia hasi baino lehen, paseo bat ematen dut Zurriolan, niretzat ezinbestekoa eta beharrezkoa den ohitura. Itsas kirolak dira nire zaletasunak. Ingurune natural batean flotatzearen sentsazioak lasaitu egiten nau, olatuak egon arren. Itsasoa nire bizitzaren parte da; lotura berezia dudala sentitzen dut. Eta asko gozatzen da itsaso garbiaz, guztion artean mantendu beharko genuke horrela beti.

 

Donostiako arrainen artista bezala ezaguna zara. Zein da zure arrain fetitxea?

Nire arrain fetitxea, zalantzarik gabe, sardina da. Batez ere bertako arrainak egiten ditut: erreboiloak, lupiak, bisiguak, hegaluzeak, urraburuak. Baina arrakasta gehien duena sardina da, gurea den arraina. Lantegian txoko berezi bat duena, hala nola paretan jartzeko, lepoko, paparreko edo besoko moduan alegia

Sardina Ibiltaria, Junkal Lertxundirekin eta Ainhoa Aranbururekin elkarlanean egin genuen proiektua da, sardinari erantsitako ipuin eta ilustrazio batekin. Arrakasta handia du, jasotzen duen pertsonarekin elkarreragiten delako gurekin partekatzen dituzten argazkien bidez, eta sare sozialetara igotzen ditugulako. Parte hartu nahi duenak Sardinaren argazkia edonon helaraziko digu. Horrela, sardinak bere ametsa betetzen du: munduan zehar bidaiatzea.

 

Urregilea eta grabatzailea XXI. mendean. Nola azalduko zenioke haur bati zertan aritzen zaren?

Urregintza eta grabatua oso lanbide zaharrak dira, Europan ezagutzen diren lehenengoak XIII. mendekoak dira, eta pena da, baina gaur egun, ia ez dago horretan aritzen den inongo artisaurik. Lanbide hori galtzen ari da, gaur egun jendearen lehentasunak ez bait dira abizenaren ezkutuarekin grabatutako zigilu bat izatea, edo inoiz ezabatuko ez diren eskuz grabatutako eraztun batzuk edukitzea. Horregatik, nik ere eboluzionatu behar izan dut, kutsatzen ez duten material egokiak aurkitu eta zerbait desberdina eskainiz.
Funtsean, erabiltzen ez den txapa zati bat edo hondartzan jasotako egur bat apaingarri bihurtzen dut. Eraldaketa horretarako oinarrizko tresnak erabiltzen ditut, hala nola guraizeak, mailua, burilak, lixak eta pintura.

 

Zure lanak beste pertsona batzuek botatzen dituzten materialekin eginak daude. Nondik datorkizu iraunkortasunarekiko eta ingurumena zaintzearekiko konpromezua?

Berezkoa eta hezitutakoa da. Pozten nau hondakin bati etekina ateratzeak eta azken emaitza, bisualki, berdina dela ikusteak. Hondakin bat erabiltzen denean eta prozesua amaitzean azken emaitza berdina dela ikusteak, baina bidean ez dudala kutsatu, oso pozgarria da. Eta ni bezala konpromezua hartzen duen jendeari eskerrak emateko aprobetxatu nahi dut. Auzoko iturginak batez ere, beren obretatik soberako erretaulak ekartzen dizkidatelako nik aprobetxa ditzadan. Guztion artean elkarlanean, trukeak eginez. Izan ere, agian nik soberan daukadana, beste bati falta zaio eta alderantziz. Azken urteetan erosteko eta botatzeko kontsumismo konpultsiboan erori gara. Baina uste dut belaunaldi berriak kontzientziatuta datozela ohitura txar horiek aldatzeko.

 

Katastrofismoan erori nahi izan gabe, zer mundu utziko diegu hurrengo belaunaldiei? Jabetzen al gara klima-aldaketa errealitate bat dela?

Esaten da urte gutxi barru arrain baino plastiko gehiago egongo dela gure itsasoetan. Eta benetan astakeriak egin dira. Plastikoz eta zaborrez betetako itsaso eta hondartzak ditugu, ozeanoa dena irensten duen zulo bat balitz bezala erabiltzeagatik. Zalantzarik gabe, hezkuntza da oinarria.

Munduko zein lekutan ikusi nahiko zenuke zure lanetako bat?

Mundu guztiari gustatzen zaio bere lurraldean profeta izatea eta nire sustraiez harro sentitzen naizenez, Euskal Herriko edozein txokotan. Nire artelana baloratu eta estimatuko den lekuan. Donostiako San Telmo Museoan edo Bilboko Guggenheim Museoan erakusketak egiten ahal izatea pozgarria izango litzake niretzat